Donostiako Berrikuntzaren Astearen 8. edizioan, DSS Weekinn ekimenean, urriaren 18tik 22ra, 45 aditutik gora bilduko dira. Horiek guztiak adituak dira berrikuntzarako gako eremuetan, hala nola, zientzian eta teknologian, baina baita hezkuntzan, enpresa transformazioan edo talentuan ere, eta hiriaren ekimen honetan parte hartuko dute. Aurten, "Etorkizunera itzultzea" izango da ekimen honen gaia.
50 erakunde inguruk aktiboki parte hartzen duten edizio honetan, bizi dugun gizartearen eredu berri honi buruz jardungo da; izan ere, gizarte honetan, pertsonak eta teknologiak elkarrekin bizi dira eta historian aurrez inoiz gertatu ez diren transformazio handiak ekarri dituzte, konplexutasun handiko erronkak sortzeaz gain, baina baita aukera handiak ere.
Transformazio soziala eta ekonomikoa eragiteko eta Covid-ak sortutako krisiari aurre egiteko, berrikuntza funtsezko elementutzat jotzen duen estatuko hiri erreferente bihurtuko da Donostia. DSS Weekin Donostiako Sustapen Ekonomikorako Zinegotzigoak antolatzen du Donostia Sustapenaren bidez, eta Gipuzkoako Aldundiaren babesarekin. www.fomentosansebastian.eus webgunean programa osoa kontsultatu eta jardueretarako izen-emateak egin daitezke.
Ekitaldi irekia izango da eta publiko guztientzat dago pentsatuta. Bertan antolatuko baitira, besteak beste, Talentuaren Azoka –Donostiako punta-puntako 55 enpresak eta erakundek baino gehiagok 200 lanpostu kualifikatu eskainiko dituzte hiriko gazteentzat–; adituen jardunaldiak enpresentzat, hezkuntza eremuarentzat, ikertzaileentzat, ekintzaileentzat, etab.; herritarrentzako jarduerak, esaterako, aire libreko erakusketa bat Alderdi Ederren; zinea; kale ikuskizunak edo berrikuntzaren arloan gaurkotasuna duten alderdiei buruzko solasaldiak. Gai hauek landuko dira solasaldi horietan: osasuna eta biozientziak, emakumeak zientzian duen papera, enpresa emergenteak mundu digitalizatuan edo adimen artifiziala historiako teknologiarik disruptiboena izatea. Edizio honetan, hiriko hainbat lekutan egingo diren aurrez aurreko ekitaldiak eta Youtubeko WeekINN TV kanalaren bidez eskainiko diren ekitaldiak izango dira.
Hiriko alkate Eneko Goiak hau adierazi du: "hiriak bere ibilbide orrian markatuta dauka ezagutzari eta berrikuntzari laguntzea epe luzerako apustua egitea dela, eta egunerokoan landu behar dela". Gogoratu du Donostia produkzio zientifikoaren ehuneko handiena duten munduko berrehun hirien artean dagoela, "horrek erakusten du gai hau hiri gisa dugun proiektu estrategikoaren parte dela". Goiak hau gogoratu du: "Berrikuntzaren Astean partaidetza eta inplikazioa beti ezin hobeak izaten dira, eta horrek azpimarratzen du gai hauei buruz jarduten duen eta horiez kezkatzen den hiri bat dugula."
Sustapen Ekonomikorako zinegotzi Marisol Garmendiak hau adierazi du: "DSS WeekINN Espainian ekitaldi berdingabea da, eta plataforma hau erabiltzen dugu agerian jartzeko, Donostia aspaldidanik berrikuntzaren alde egiten ari dela. Berrikuntzaren eta ezagutzaren alde irmoki egiten duen hiri bat gara, teknologia, ikerketa eta prestakuntza zentroen eta, batez ere, ekintzaileen ekosistema sendo bat baitugu. Edizio honetan digitalizazioaren eta teknologiaren bultzada aztertuko dugu, baina, batez ere, pertsonek egoera honetan duten papera aztertuko dugu, zeren eremu horietan aurrerapen asko izan arren, gizakia bakarrik da gai behar diren konexioak egiteko. Ez dut ahaztu nahi, aste honen barnean, urtero gure hiriak Donostiako enpresa berritzaileenei ematen dien sariaz, DSS INN sariaz, gure sarean indarra hartu baitu erreferente gisa. Eta, noski, bereziki nabarmendu nahi ditut emakumeari eskainiko zaizkion jardunaldiak; izan ere, zientzian eta teknologian erabat ahantzi da emakumearen papera eta DSS Weekinn ekimenaren edizio honetan merezi duen garrantzia jasoko du".
Zortzigarren edizioaren programaren laburpena hau da:
ASTELEHENA, URRIAK 18
Donostiako Berrikuntzaren Astea astelehenean, urriaren 18an, hasiko da "Atzoko kimerak" izeneko erakusketaren inaugurazioarekin. Elhuyarrek komisario lanak egiten dituen erakusketa honetan, bidaia bat egingo dugu denboran zehar aurtengo "Etorkizunera itzultzea" gaiarekin bat. Bertan ikusi ahal izango dira etorkizunean gakoak izan diren asmakizunak: beren garairako aurreratuak ziren aurkikuntzak, ustekabeko asmakizunak edo aplikazio harrigarriak izan zituzten ikerketak. Erakusketa Alderdi Ederreko lorategietan ikusi ahal izango da.
Lehenengo egunean, halaber, adimen artifizialari buruzko saio bat izango da eta moderatzailea El País egunkariaren Retina foroaren zuzendari Jaime García Cantero izango da. Saio honetan, bioteknologiaren eta datuen analitikaren eremuetan adimen artifizialaren aplikazioan adituak diren hiru emakumek parte hartuko dute. Online konexio bidez elkarrizketa bat egingo zaio Googlen AAren zuzendari Pilar Manchóni.
ASTEARTEA, URRIAK 19
Kursaalean izango da Talentu Gaztea Azoka. Gazte kualifikatuek aukera izango dute eskainiko diren 200 enplegutatik bat eskuratzeko, hala berrikuntza proiektuak garatzen dituzten tokiko 56 enpresetan eta erakundeetan nola nazioarteko mugikortasunaren 20 beken bidez, Donostia Sustapenaren Talent Conecting programaren edo Lanbide Gazteen Enplegu Planaren barnean. Hainbat tailerrez gain, talentua garatzeko estrategiei buruzko mahai inguru bat egingo da hezkuntzaren, enpresaren eta erakundeen eremuko tokiko adituekin, eta COTEC Innovaren zuzendari Jorge Barrero ere bertan izango da.
ASTEAZKENA, URRIAK 20
Gazteak izango dira protagonistak "Berrikuntza ukituz" izeneko programazio bereziari esker, Kursaalen. 17 jarduera gauzatuko dira programazio honetan 09:00etatik 14:00etara, eta hiriko zentro teknologikoetako ikerketaren, aurrerapenen eta teknologien ildoak ezagutu ahal izango dira, adimen artifizialari buruzko erronkak ebatzi ahal izango dira edo ekonomia zirkularrari buruzko tailerretan parte hartu ahal izango da. Egun horretan, era berean, osasunaren arloko berrikuntzari buruzko gaur egungo gakoak eta Biodonostiak zein Donostia Ospitaleak pandemiari emandako erantzuna izango dira protagonistak. Ekitaldi hori Donostiako osoko bilkuren aretoan izango da.
OSTEGUNA, URRIAK 21
Maria Cristina Hotelean DSSINN sariak emateko ekitaldia izango da. Enpresa sendotuari eta enpresa gazteari emango zaizkie sari horiek berrikuntzaren alde egiteagatik, beraien ikuspegi globalarengatik eta hiriarekiko loturarengatik, eta bertan izango da Zientzia eta Berrikuntzaren ministro ohi eta COTEC Innovaren gaur egungo presidente Cristina Garmendia.
OSTIRALA, URRIAK 22
Talent House eraikinean, gero eta digitalagoa den mundu honetan enpresa emergenteak ulertzeko modu berriari buruzko saio bat eskainiko da. Azkenik, Alderdi Ederren, DSS WeekINN ekimenari buruzko umore ukituko bakarrizketa bat eskainiko da Berrikuntzaren Asteari amaiera emateko.
DSS WEEKINN TV
Donostiako Berrikuntzaren Asteak ikus-entzunezko materiala zabaltzeko kanala ere izango du: WeekINN TV. Talent Housen instalatuko den platoa eztabaidetarako, solasaldi inspiratzaileetarako, profesionalei elkarrizketak egiteko eta antzekoetarako topagunea izango da, online eskainiko dena Youtube bidez. WeekINN TV kanalak 24 programa eskainiko ditu elkarrizketak lehen mailako hizlariekin, baita bi mahai inguru ere zuzenean. Bata, osasunaren sektoreko enpresen finantzazioari buruzkoa eta, bestea, kohesioari eta berrikuntzari buruzkoa.
ONLINE SAIOAK
DSS WeekINN ekimenean, halaber, hainbat sektoretarako online saioak ere izango dira. Donostia Sustapenak lan egiten duen sektore ekonomiko estrategikoentzat daude pentsatuta: merkataritza, nekazaritzako elikagaiak, surfa eta smart.
DONOSTIA, BERRIKUNTZAREN HIRIA
Historian zehar Donostiaren ezaugarria izan da hiria berrasmatzeko bereziki berritzailea izatea, kontuan hartuta bere oinarrizko ezaugarriak eta balioak. Gaur egun, apustu horrek indarrean jarraitzen du, garai berrietara eta planteatzen zaizkigun ekonomiaren, ingurumenaren eta gizartearen jasangarritasun erronka berrietara eguneratuta. Donostia Sustapenaren ustez, duela ehun urte baino gehiago sortu zenetik, berrikuntzaren alde egitea gakoa da, transformazio sozialaren eta ekonomikoaren eragilea baita. Apustu honetan funtsezkoak dira: ezagutza, talentua, ekintzaileak zein enpresa berritzaileak, eta lankidetza sustatzea Donostiakoa bezalako ekosistema aberats eta askotariko batean, kontuan izaten badugu bere eskala.
Donostia berrikuntzaren hiri aitzindaria da, duela hogei urte baino gehiago diseinatutako estrategia baten ondorioz; izan ere, estrategia horrek aurreikusten zuen I+G+b arloan inbertsioa areagotuz gero, talentua biltzeko gai izango zen ekosistema bat lortuko zuela eta gizartearen ongizatearen alde lan egiten jarri ahal izango zuela. I+G+b arloak Donostiako barne produktu gordinean % 2,7ko eragina du, Europako batezbestekoen (% 2,2) eta Espainikoaren (% 1,24) gainetik.
Hiriak 34 ikerketa zentro ditu, zerbitzu aurreratuen 4.800 enpresa eta Talent Housen inguruan burutzen den talentuari arreta emateko programa bat. Bizitegi eraikinak dituen 10 urte hauetan goi mailako 2.000 ikertzaile izan dira eta bigarren eraikin bat eraikitzeko proiektu bat dago.