• ALBISTEAK

    ALBISTEAK

    dss_weekinn_

Berrikuntzaren Astea, urriaren 18tik 22ra bitartean garatua, helburua betez amaitu da. Izan ere espazio bat eskaini nahi zuen, gune bat, hiriak berrikuntzaren alde egin duen apustua ikusgarri egiteko. Ekonomia Bultzatzeko zinegotzigoak Donostia Sustapenaren bitartez eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekiko elkarlanean antolatu duen DSS WeekINNek, “Etorkizunera itzultzea” goiburuarekin, Talentu Gaztearen 1. Azoka hartu du –Donostiako punta-puntako 57 enpresa eta erakunde izan dira bertan, eta 200 lanposturainoko eskaintza egin dute hiriko gazte kualifikatuentzat–, eta baita enpresei, hezkuntza esparruari, ikerlariei, ekintzaileei eta abarri zuzendutako zenbait aditu jardunaldi ere.

Hiritar guztiei zuzendutako jarduerak izan dira, esaterako Alderdi Ederren egindako ‘Iraganeko kimerak’ aire libreko erakusketa, zinema, kaleko ikuskizunak eta abar. Berrikuntzaren esparruan, zenbait alderdiri buruzko hitzaldiak izan dira, eta horietan jorratutako gaiak, berriz, osasuna eta biozientziak, emakumearen eginkizuna zientzian, start up-ak mundu digitalizatuan edo adimen artifiziala historiako teknologia disruptiboentzat. Berrikuntzaren Asteak bere izaera hibridoa finkatu du, jarduera presentzialak eta WeekINN TV bitartez emandako online ekitaldiak izan baitira.

Ekonomia Bultzatzeko zinegotzi Marisol Garmendiak adierazi zuen “oso pozgarria dela egiaztatzea nazio mailan erreferentzia garela berrikuntzaren arloan. Berrikuntzaren Aste honetan jorratu diren edukiak dira maila guztietan etorkizuneko estrategien muinean daudenak: adimen artifiziala, talentua, biozientziak, enpresa-eraldaketa, emakumeak zientzian duen eginkizuna eta berrikuntzara bideratutako ikasteko eta hezteko eredu berriak. Zalantzarik gabe Talentu Gaztearen 1. Azoka nabarmenduko nuke, ideia bikaina izan baita. 200 enplegu eskaini dira, eta 600 elkarrizketa baino gehiago egin zaizkie bere lan aukera bilatzen zuten gazte donostiarrei. Gure gazteek Donostian, beren ingurune hurbilean, bizitza profesional eta pertsonaleko proiektua garatu ahal izan dezaten ahalegintzen ari gara, eta azoka hau tresna baliotsua da horretarako. DSS WeekINN honen bitartez, hiritarrekin, enpresekin eta eragile multzoarekin hobeto konektatzeko, ikasteko eta aurrera egitea ahalbidetzen diguten proiektuak garatzeko modua ematen diguten bidetik eta formatuekin segitzen dugu, dagoeneko bizitzen ari garen zenbait joera, digitalizazio progresiboa kasu, bizkortzen dituen egungo paradigma aldaketan murgilduta.

Hilak 18 zituenean abiatu zen DSS WeekINN, 'Iraganeko kimerak’ erakusketaren inaugurazioarekin. Alderdi Ederren instalatuta, aste osoan zehar herritarrei helarazi dizkie aplikazio harrigarriak izan zituzten aurkikuntzak, bere garaiari aurrea hartu zietenak. Adimen Artifiziala, historiako teknologiarik disruptiboenetakoa bera, protagonista izan zen Retina-El País-en eduki zuzendari Jaime García Canterok moderatu zuen saioan; adimen artifizialak esaterako bioteknologian eta datu-analisian dituen aplikazioen esparruko hiru emakumezko aditu izan zituen partaide, eta Googleko AAko zuzendari Pilar Manchóni urrutitik egindako elkarrizketa ere izan zen bertan.

Talentu Gaztearen 1. Feria ezinbesteko bidetzat agertu da, enpresak eta bere lan aukeraren bila ari diren gazteak harremanetan jartzeko. Emaitza izan da 600 elkarrizketa baino gehiago egitea eta, batez ere, enpresen eta gazteen artean harremanak sorrarazten eta elkar ezagutzea bultzatzen duen gune bilakatzea, etorkizunean alderdi bientzako aukerak sor ditzakeena bera, kontu zaila inondik ere beste moduren batean gertatzeko. Garapen estrategiei buruzko mahai-inguruak hezkuntzaren esparruko tokiko adituak izan zituen, COTEC Innova-ren zuzendari Jorge Barreroren partaidetzarekin batera.

Gazteek bere gunea izan dute Kursaalen, “Berrikuntza ukitzen’, programazio berezi batez; horren barnean izan diren 17 jardueren bitartez aukera izan dute hirian diren zentro teknologikoetako ikerkuntza-ildo, aurrerapen eta teknologiak ezagutzeko, adimen artifizialari buruzko erronkak ebazteko edo ekonomia zirkularrari buruzko lantegietan parte hartzeko. Egun horretan, osasunaren esparruko berrikuntzari buruzko egungo klabeak eta Biodonostia-tik eta Donostia Ospitaletik pandemiari emandako erantzuna izan ziren Donostiako Udaletxeko Batzar Aretoan izan zen ekitaldiko protagonistak.

María Cristina Hotelak berriro hartu zuen DSSINN sariak banatzeko ekitaldia. Lander Simulation enpresari Enpresa Berritzaile Finkatuaren kategorian eman zitzaion saria, eta Onena Mecicines enpresari Enpresa Berritzaile Gaztearen kategorian, Zientzia eta Berrikuntzako ministro ohi eta COTEC Innovako egungo presidente Cristina Garmendia bertan zela. Biodonostiak ere sari berezia jaso zuen, hiriarekin duen loturagatik.

DSS WeekINNen azken jardunaldiak gero eta mundu digitalago batean star-upak ulertzeko modu berriari eskainitako saioa hartu zuen Talent House eraikinean; Alderdi Ederren, berriz, DSS WeekINNi buruzko umorezko bakarrizketa bat izan zen, Berrikuntzaren Asteari amaiera emateko.

Donostiako Berrikuntzaren Asteak, berriro ere, ikus-entzunezko materialari zabalkundea emateko kanal propioa eduki du: WeekINN TV. Talent Housen instalatutako platoa topagunea izan da eztabaida, solasaldi inspiratzaile, profesionalekiko elkarrizketa eta abarretarako, eta horiek guztiak zuzenean zabaldu dira YouTuberen bitartez.

WeekINN TV kanalak 24 programa eskaini ditu, tartean lehen mailako hizlariei eginiko elkarrizketa sakonak eta zuzenean emandako bi mahai-inguru, osasunaren arloko enpresen finantzaketari buruzkoa bata eta kohesio eta berrikuntzari buruzkoa bestea. Ikus-entzunezko materialak eskura dauzka Donostia Sustapenaren YouTubeko kanalean ikusi nahi dituen orok.