- “Zientzia Martxan” biltzarra, Kursaalen doako sarrera izango duen zientzia-erakusketa batekin, egitarauko hitzordu nagusietako bat izango da. Egitarauak Berrikuntza Publikoaren Biltzar Nazionala, DonostiaINN sariak eta Donostia Meeting Minds nazioarteko lehiaketa ere hartuko ditu barne.
- Berrikuntzaren Astea urriaren 23tik azaroaren 2ra bitartean izango da, eta herritarren, zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren arteko topaguneak sortuko ditu.
Donostia WeekINN Berrikuntzaren XIII. Astea urriaren 23tik azaroaren 2ra egingo da. Ekonomia eta Tokiko Enpleguko Zinegotzigoak antolatu du, Donostia Sustapenaren bidez, tokiko zientzia- eta berrikuntza-ekosistemako hainbat eragilerekin elkarlanean. Aurtengo edizioak adin guztietako donostiarrei zientzia eta berrikuntzari lotutako proiektuak, ikerketak, teknologiak eta aukera berriak hurbiletik ezagutzeko aukera eskainiko dien programazioa izango du.
WeekINN “Zientzia Martxan” ekimenaren XXVII. edizioarekin hasiko da: zientziaren erakusketa honek hainbat herrialdetako ikasleak, irakasleak, ikertzaileak eta dibulgatzaileak bilduko ditu Kursaalen, eta doako sarrera izango duen zientzia-azoka bat ere izango du. Berrikuntzaren Asteak adimen artifizialari, kirolari, osasunari eta teknologiari buruzko jardunaldiekin jarraituko du, eta Euskadin lehen aldiz egingo den Berrikuntza Publikoaren XIII. Biltzarrarekin ere. DonostiaINN sariek berrikuntzarekin lotutako enpresak eta erakundeak aitortuko dituzte beste urte batez, eta Astea mundu osoko unibertsitateko gazteei zuzendutako «Donostia Meeting Minds» nazioarteko lehiaketaren lehen edizioarekin amaituko da.
Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak nabarmendu duenez, «WeekINN aukera bat da herritarrak zientziara, teknologiara eta berrikuntzara zuzenean hurbiltzeko, esparru horietan gertatzen ari dena ezagutzeko aukera ematen diguten jarduera eta topaketetan parte hartuz eta, aldi berean, gure hiria egiten ari den guztia balioetsiz». Ildo horretan, honako hau adierazi du: «Donostiak ezagutza, talentua eta aukera berriak sortzeko gaitasun handia duen zientzia- eta berrikuntza-ekosistema du, eta Donostia Sustapenean errealitate hori herritarrekin lotzeko eta estatu-mailako zein nazioarteko ekimenak hirira erakartzeko ere lan egiten dugu».
Egunaren arabera, aurtengo WeekINNek honako jarduera hauek izango ditu
ZIENTZIA MARTXAN – Urriaren 23tik 25era (Kursaal)
Donostiak hartuko du “Zientzia Martxan” lehiaketaren XXVII. edizioa. Ekitaldia Iberoamerikako edozein zientzia-diziplinatako ikasle, irakasle, ikertzaile eta dibulgatzaileei zuzenduta dago.
Hiru egunez, Kursaal zientzia-dibulgaziorako gune bihurtuko da, hitzaldi, parte-hartzeko jarduera, ikuskizun eta erakusketekin. Larunbatean, hilak 24, herritarrek doan bisitatu ahal izango dute zientzia-azoka. Horretan, hainbat herrialdetako ikasleek esperimentuak eta proiektuak erakutsiko dituzte, zientzia modu erakargarrian, parte-hartzailean eta motibatzailean hurbiltzeko.
“Zientzia Martxan” Innpulso Sarearen ekitaldi bat da, eta Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren babesa du. Donostia Zientziaren eta Berrikuntzaren Hirien sare horretako kide da, Donostia Sustapenaren bidez. Ekitaldia lehen edizioa hartu zuen hirira itzuliko da.
Ekitaldira herrialde osoko 300 ikasle baino gehiago joango dira, baita Portugaleko parte-hartzaileak ere, 60 proiektu zientifiko baino gehiago aurkeztuko dituztenak. “Zientzia Martxan”, herritar guztiei irekitako ekitaldia, bat dator Donostia Sustapenaren Berrikuntza Planeko Gazteen Talentua Garatzeko ardatzarekin eta STEAM bokazioak sustatzeko helburuarekin, belaunaldi gazteenei zientzia eta esperimentazioa hurbilduz.
AA EKINEAN – Urriaren 26an (EKINN)
Onestrategia, Neo Ingenio eta Innubaren eskutik startup, enpresa berritzaile, saltoki eta ostalaritza-establezimenduei zuzendutako jardunaldi praktikoa, adimen artifizial sortzaileak enpresa-kudeaketan dituen aplikazioak ezagutzeko.
Egitarauak, besteak beste, honako eduki hauek landuko ditu: pertsonen eta adimen artifizialaren arteko lankidetza, produktibitatea, sormena, informazioaren azterketa eta erabakiak hartzeko prozesua hobetzeko; AA merkataritzan aplikatzeko benetako kasuak; eta ostalaritzan kudeaketa optimizatzeko eta bezeroen esperientzia hobetzeko tresnak.
Jardunaldiak, Ostalaritza Elkartearekin, Donostia Shops-ekin eta EKINN ekintzailetza-komunitatearekin elkarlanean antolatuta dagoena, prestakuntza, erakustaldiak eta esperientzia praktikoak uztartuko ditu. Parte-hartzea doakoa izango da, aldez aurretik Donostia Sustapenaren webgunean izena emanda.
KIROLA, ZIENTZIA ETA EKINTZAILETZA: ERAGINA SORTZEKO ETA NEGOZIOAK GARATZEKO AUKERAK DONOSTIAN – Urriaren 27an (EKINN)
Deustuko Unibertsitatearekin elkarlanean antolatutako topaketak kirola osasunaren, ongizatearen, teknologiaren eta berrikuntzaren eragile gisa aztertuko du. Jardunaldiak enpresak, profesionalak, erakundeak, ikasleak eta ekintzailetzan interesa duten pertsonak bilduko ditu, kirolak osasunaren, ongizatearen, digitalizazioaren, datuen, teknologiaren eta negozio-eredu berrien esparruetan sortzen dituen aukerak aztertzeko.
Topaketak arreta berezia eskainiko die gazteen talentuari eta esparru horrekin lotutako gradu-amaierako proiektuak eta bestelako ekimenak garatzeko aukerari. Donostia Sustapenak ekintzailetzarako eta hirian ekimen berriak garatzeko aukera-gune gisa identifikatzen du kirola. Parte-hartzea doakoa izango da, aldez aurretik izena emanda.
«BERRIKUNTZAKO HIRI-NODOAK», IGNACIO ALCALDEREKIN – Urriaren 27an (EKINN)
Ignacio Alcalde, Smart Cities eta Lurralde Adimendunetan adituak, eta Iñigo Olaizola, Donostia Sustapeneko zuzendariak, gertuko ikuspegi batetik, garapen ekonomikoa, bizi-kalitatea eta berrikuntza lotzeko eta pertsonentzat, enpresentzat eta lurraldearentzat aukerak sortzeko gai diren hiri-eredu berriei buruz hitzegingo dute.
Donostia Innovation Clubaren esparruan garatutako jarduera, elkarrizketarako espazio murritzak, hurbilak eta informalak sortzeko sortua, esperientziak, ezagutza, jardunbide egokiak eta hausnarketak partekatzeko.
BERRIKUNTZA PUBLIKOAREN XIII. BILTZARRA – Urriaren 29an eta 30ean (Kursaal)
WeekINNek Berrikuntza Publikoaren XIII. Biltzarra hartuko du, Euskadin lehen aldiz. Donostia Sustapenak bultzatuta, Novagob Fundazioarekin elkarlanean antolatu da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren parte-hartzearekin.
Topaketak estatu osoko sektore publikoko profesionalak, ikertzaileak eta berrikuntza publikoko ekosistemako eragileak bilduko ditu, administrazio berritzaileagoak, irekiagoak eta egungo erronkei aurre egiteko prestatuagoak eraikitzeko esperientziak eta proposamenak partekatzeko.
Biltzarrak bost esparru nagusi landuko ditu: erronka konplexuei aurre egiteko berrikuntza publikoa, eraldaketa digitala, administrazio ulerterraza eta pertsonalizatua, herritarren konfiantza gobernu onaren bereizgarri gisa eta pertsonen kudeaketa.
Topaketa hau Donostian egitea hiriak, Donostia Sustapenaren bidez, berrikuntzarekin lotutako erreferentziazko ekitaldiak erakartzeko eta administrazioa, enpresak, startupak, zentro teknologikoak eta herritarrak lotzeko duen gaitasunaren beste adibide bat da.
Biltzarraren webgunearen bidez eman daiteke izena. Donostia Sustapenak hainbat gune eta saio izango ditu, eta tokiko Startupen komunitateak parte-hartze handia izango du.
DONOSTIAINN SARIAK – Urriaren 29an (María Cristina hotela)
XIII. WeekINNek DonostiaINN Enpresa Berrikuntzaren Sarien banaketa izango du beste urte batez, eta sarien hamaikagarren edizioa izango da. Donostia Sustapenak beren proiektuetan berrikuntzaren aldeko apustu sendoa egin duten eta beren sektoreentzat zein hiriarentzat erreferente diren erakundeak aitortuko ditu. Ekitaldian enpresa gazte berritzaile bat, enpresa finkatu bat eta Donostiako berrikuntzarekin konprometitutako erakunde bat sarituko dira.
«DONOSTIA MEETING MINDS» NAZIOARTEKO LEHIAKETA – Azaroaren 2an (Kursaal)
XIII. WeekINN «Donostia Meeting Minds» nazioarteko lehiaketaren lehen edizioarekin amaituko da. Mundu osoko unibertsitateko gazteei zuzendutako ekimen horren helburua gazteen talentua sustatzea eta erronka globalei irtenbide berritzaileak ematea da, adimen artifiziala erabiliz.
Donostia Sustapenak bultzatutako proiektu hau, Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskola - Tecnunen eta El Diario Vascoren arteko elkarlanetik sortu da, Multiverse Computing-en lankidetzarekin, eta esparru akademikoa, enpresena eta erakundeena lotzen ditu.
Diziplina anitzeko epaimahai batek Enpresa eta Hiria kategorietan hautatutako zortzi talde finalistak munduko hainbat tokitatik etorriko dira Donostiara, beren proiektuak Kursaalen aurkezteko. Talde bakoitzak bost minutu izango ditu bere proposamena defendatzeko, eta hiru minutu epaimahaiaren galderei erantzuteko.
Lehen urte honetan 32 proiektu baino gehiago aurkeztu dira Perutik, Uruguaitik, Ghanatik, Tunisiatik, Alemaniatik, Frantziatik, Erresuma Batutik edo Italiatik. Enpresa eta Hiria kategorietan diziplina anitzeko epaimahai batek aukeratutako zortzi talde finalistak munduko hainbat lekutatik iritsiko dira Donostiara, beren proiektuak Kursaalen aurkezteko. Talde bakoitzak bost minutu izango ditu bere proposamena defendatzeko eta hiru minutu epaimahaiaren galderei erantzuteko.
Kategoria bakoitzeko talde irabazleek Bostonera bidaia bat jasoko dute sari gisa, zientzian, teknologian eta berrikuntzan erreferentziazkoak diren erakundeetara egingo dituzten bisitak barne. Lehiaketa Donostia Sustapenaren 2026ko Berrikuntza Planeko Gazteen Talentua Garatzeko ardatzaren barruan kokatzen da. Ardatz horren helburua prestakuntza-, enplegu- eta ekintzailetza-aukerak eskaintzea eta Donostia talentuarentzat hiri erakargarri gisa kokatzea da.
Lankidetzaren aldeko apustua
WeekINN Berrikuntzaren XIII. Astea tokiko zientzia-, teknologia-, berrikuntza- eta ekintzailetza-ekosistema osatzen duten erakundeen lankidetzari esker izango da posible, baita edizio honetako jardueretan parte hartuko duten estatu-mailako eta nazioarteko erakundeen lankidetzari esker ere.
Eragileak lotzeko, ezagutza erakartzeko eta topaguneak sortzeko gaitasuna WeekINNen funtsezko elementuetako bat izango da berriro. Hamaika egunez, Donostiako hainbat gune herritarren, talentuaren, zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren arteko topagune bihurtuko ditu.
Berrikuntza Astea, WeekINN bezalako ekitaldi bat, Polymat, CFM, Ceit, DIPC, BCBL, CIC Biomagune, CIC Nanogune, ISS Biogipuzkoa, Vicomtech edo Tecnalia bezalako zentro teknologikoen; Tecnun, Universidad de Deusto, eGipuzkoa GI EHU Moto Student, Fórmula Student, Easo Politeknikoa bezalako Hezkuntzaren munduko eragileen; Multiverse, Diario Vasco, Trebe, Bideroad, Akshar Innovatio, Dynamic Cycling, Next Health, Rekreando edo Yorsio bezalako enpresa eta startupen; eta Novagob, Red Innpulso o Emakumeak Zientzian bezalako erakundeen lankidetzari esker da posible.
WeekINNi buruzko informazio eta ordutegi guztiak www.fomentosansebastian.eus/eu webgunean daude eskuragarri.